Ihes Plana poemez, abestiz, hausnarketez, txokolatez eta beste gauza arraroago batzuez osatutako puzzle bat da. Pieza gutxi batzuk, elkarrekin mapa bat marrazten dutenak, hainbeste, hainbeste min ematen dizun horretatik ihes egiteko. Hainbeste, hainbeste, ezen txiki, hutsal bihurtzen zaituen, desegin eta desagertu arte.
Ihes Plana egongela batean, edozein etxetan, eguneroko bizitzan girotutako ikuskizun txiki bat da, izan ere, askotan tratu txarrak hor errotzen dira, oharkabean pasatuz, eta orduan geure buruari esaten diogu: "Nork imajinatuko zuen...?"
Ihes Plana aitzakia bat da beti ihes egin dezakegula gogorarazteko.
